2013/07/07

TRAVESERA INTEGRAL PICOS DE EUROPA


GORA GORA GORA GORA A A A,
BERA BERA BERA BERA A A A,
GOGORTASUNETIK EDERTASUNERA,
UMEEN MODUAN GOZATUZ (2013-06-14)

Picos de Europako hiru mendi multzoak zeharkatuz urtero ekain erdialdera 74 km eta 6600m gorako desnibel metatua dituen proba ospatzen da, Asturiaseko Covadongako santutegi inguruan hasi eta Arnas de Cabraleseko herrian bukatuta. Jada X. edizioa da aurtengoa eta Traveseraz gain aurten Traveserina jaio da, 44km eta 3000m gorako desnibel metatua duen proba “txikiagoa”.

Travesera integral de Picos de Europa probako antolatzaileen web orria: http://www.gmensidesa.com/
 
 
 

Travesera lasterketa bat baino gehiago dela diote askok eta ez zaie arrazoirik falta. Goi mendiko ibilbide teknikoa da ia osotasunean, igoera eta jeitsiera luze luzeak eta bertikalak, eguraldi aldakorra eta batez ere ibilbidearen gogortasunaz gain, ibilbidearen edertasuna.
 
Orain dela pare bat urte proba honetan parte hartzeko izena emanda nengoen eta azkenean despedida bat tarteko ezin izan nuen Covadongako irteera puntuan egon. Aurten arantza hori kendu nahian, izen emateak zabaldu eta berehala eman nuen izena, aurtengoan ez nuen eta galdu nahi. Ilusio berezia egiten zidan horrenbeste oroitzapen on ekartzen dizkidaten Picos de Europako puntu desberdin guzti horietatik egun bakarrean pasatu ahal izateak.

Ilusioak ilusio, errespetu itzela ematen duen proba da. Gainera, negu gogor baten ondorioz 1600m-tik gora elurra aurkituko genuela aurreikusten zuten antolatzaileek, kranpoiak aldean eramatera derrigortuz.

Ibilbidea nola aurkituko genuen eta gorputzak ibilbide honi nola aurre egingo ote zion urduritasun horrekin, Covadonga ondoko Repelaoko parkingnean kokatuta zegoen irteera puntura gerturatu nintzen. Dortsala hartuta eta bide erdian jaso beharreko poltsa jada utzita nituenez, beroketa batzuk egin eta konturatu orduko iritsi ziren gaueko 24:00ak, probaren irteerarekin batera.
 
Korrika hasi, zeozer esatearren, eta hiru pausu ematearekin batera lurrera joan nintzen irteerako zintarekin estropozu eginda. Laster altzatu nintzen inork ez zapaltzeko eta aurrerantza jo nuen aurrekaldean zihoazen korrikalarien ingurura. Hasierako asfaltoa betirako atzean utziz, segituan hartu genuen zeharo lokaztua zegoen mendiko bidexka bat, banan banan joan beharrekoa. Hemendik aurrera, Covadongako lakuetaraino igotzeko baso eta zelai desberdinetatik gurutzatu behar dira. Zati honetan gusturago nindoan aurrekoaren atzetik pega pega eginda iladan barik.  Bakar bakarrik, momentu batez atzera begiratu eta urrutira korrikalarien argi ilada luzea zetorren eta aurreraxeago beste argi ilada txikiago bat. Lurrera begira, hurrengo pausua non eman beharko kontzentrazio horrekin, konturatu gabe zuhaitz baten adar batek neraman txapela kendu zidan lupetzetara jaurtiz. Ondoan ziren frontalak argiztatutako begi distiratsu horien jabeak ziren behiek ere, fijo barre egin zidatela lokatz artetik txanoa jasotzen ikusi nindutenean.

Apurka apurka, Covadongako lakuetan kokatua zegoen hornidura gunetik pasa nintzen, 17. , antolakuntzako kide batek esandakoaren arabera. Bertan edateko zerbait hartu eta aurrerantza jo nuen ezaguna zitzaidan pista batetik aurrera. Hemen, gerora ikusiko genuenarekin alderatuta, korrika egiteko terreno laua zegoen 2 km inguruan. Pista hau alde batera utzi eta errekatxo bat gurutzatu ondoren gorantzako bideari ekin genion, korrika egiteari utzi eta oinezean jartzeaz bat.

Orain arte ondo nindoan, erritmo onean baina dosifikatuz asko sufritu gabe. Baina segituan tripak gogor gogor eginda jarri zitzaizkidan eta pausu bakoitzeko tripetako mina areagotzen zihoan. Pixkanaka atzetik zetorren jendea gerturatzen zetorren eta ni gero eta motelago gorputz txarrarekin. Horrela urrutira ezin nintzela joan eta zeozer egin beharra neukan. Astiroago joan, arnasa pixka bat errekuperatu eta deskargatzera joan nintzen atzetik zetorrenari ez jarraitzeko abisatuaz batera. Piska bat errekuperatu nintzelakoan bideari ekin nion, baina tripek bigarren beste abisu bat eman zidaten eta berriro harkaitz artean eskutatu beharra sentitu nuen. Hemendik aurrera, gorputzak lasaitasun ederra hartu zuen eta pixkanaka hobeto sentitzen hasi nintzen.

Behin Vega Redondako aterpe paretik pasatzeaz bat, elurrarekin topo egin genuen eta hemendik aurrera bidailagun izan genuen ibilbidearen zati handi batean. Pixkanaka geldialdi horietan aurreratu ninduen jendea aurreratzen nindoan eta gorputzari jaten eman nion lehenago ezinezkoa zitzaidan eta. Collau del Jou Santu orduko frontalen bateria agortu zitzaien bi pertsonekin egin nuen topo, bata bestearen atzetik. Pilak aldatzen laguntzeko pixkat argiztatzeko eskatu zidaten eta kasualitate edo ez, biek zeramaten frontal berdina, nik neramanaren modelo berria.

Gorantza elurra nahiko gogor  aurkitu genuen eta ondo joaten zen. Maldak alderik alde zeharkatzean ere, nahiko ondo joaten zen aurreko egunetatik zeozer zapaldua zegoelako. Baina zati hauek ematen zidaten errespetu gehien, gauez eta topo egin genuen lainoarekin urrutira gauza handirik ikusten ez zelako eta aldamenera begiratuz bazegoelako ez dakit zenbat metro berantza irristatzeko aukera. 2113m-tara dagoen Collau del Jou Santuko puntu gorenera iritsita, 1500m-ko jeitsiera bati egin behar zitzaion aurre Cain-eko herriraino. Behin berantzako elur palak zuen aldapa bertikalari beldurra kenduta, elurretan bera nahiko ondo joaten zen. Beste hiru pertsonarekin batera egin nuen zati hau elurra bukatu zen ingururaino. Puntu honetatik aurrera, frontalaren pilek gero eta argi gutxiago eskaintzen zidaten eta bidean ez aldatzearren Caineraino itzaron nuen. Tramo nahiko arriskutsua zen berantzakoa, harkaitz  artean berantza Z ugari eginez. Abiadura pixkat hartu orduko, esku frenoa bota behar zenuen beste aldera egiteko. Argi gutxi aldean eta aurrekoari jarraitzen nindoala, antolakuntzako batek tramo honetan kontuz jeisteko abisua ematen digu. Hau esan eta 10m-tara aurretik zihoana amildegi ertzean jauzten da bastoi bat berantza erortzen zaiolarik. Sustoa itzela, eskerrak ezer larririk ez zela gertatu.Kasualitatez, jeitsi eta 20m beheragoko bidetxoan bastoia aurkitu genuen. Aurrekoak sustoa aldean zuela eta nik pilak ez aldatzearren, argi gutxirekin, normalean baino polikiago jeitsi ginen Cainera.

Cainen Oscar Nieto eta bere Zallako lagun bat zeuden lagunei jarraipena egiten eta Pilak aldatzen nituen bitartean, aldean neramatzan bidoiak bete zizkidaten jada hustuak nituen eta. Zeozer jan eta Horcada Cainerako bide aldapatsuari ekin nion. Harkaitz artean gorantza segituan hartu nuen altuera, pareta haiek ikusita igotzea ezinezkoa ematen zuten bideetatik. Larunbateko lehen argi izpiekin batera, Cainera bidean berantza nentorren berberarekin nindoan gorantza. Elurrretara iritzi orduko, normalena gorantza jotzea izango zen toki batean, antolakuntzako markek ezkerretara eramaten zintuzten. Markak jarraitu eta jarraitu, hainbat pasatu ostean, ez genuen hurrengo markarik aurkitu. Desesperatuta, seinaleren bat aurkitu nahian, gora eta bera ibili ginen, baita elurretan beste lasterkariren baten lorratzak aurkitzen. 20minutu noraezean ibilita, erabat etzita eta inpotentziaz, berriro atzerantza markei jarraitzen nindoanean besteak gorantza egiten duela ikusi nuen, igotzea ezinezko zirudien pareta batetik. Bakarrik ez geratzearren eta logikoena  gorantza jotzea zenez berarekin batera jo nuen aurrera. Halako baten, azkeneko marka zegoen tokian, antolakuntzako petodun bat agertzen da eta oihuka “las markas están mal, es por el otro lado para arriba”esaten digu. Jada altura dezente hartuta geneukan eta gorantza jo genuen beste bidearekin bat egingo genuelakoan. Halako baten urrutira lasterkarien ilada luze bat ikusi genuen eta berriro bidearekin bat egin genuen.
 
 
Amorruz lasterketa usteko burutapena atzean utzita, indar gehiagorekin jo nuen aurrera lasterketa guztian zehar ikusi ez nuen jendea aurreratuz. Elur pala bat bestearen atzetik pasatuz, azkenean 2344m-tara dagoen Horcada Cainera iritsi ginen. Merezi zuen bai bertaraino iristeak, begien aurrean geneukana ikusteko. Naranjo mendia eta inguruko paisaia elurrez estalita, benetan ederra aurrez aurre geneukana.
 
 
 
Hemendik berantza, laster  baten, Urrielluko aterpean kokatua zegoen hornidura gunea geneukan. Bertan Jose Vicente Benito-rekin topo egin nuen, Andorrako Ronda del Cims-erako azken prestaketak egiten zebilen eta egun pasa. Zeozer jan eta berriro gorantza ekin beharra  zegoen 2382m-tara dagoen Collada Bonita igotzeko. Igoera gogor honetan, galdu aurretik inguruan zebilen lasterkari batzuekin egin nuen bat. Antolakuntzakoek aurreko egunetan egindako lanari esker, hainbeste metro zituen pala bertikalean gora nahiko eroso joaten zen, oinaren punta sartzeko besteko armailak egin zituzten eta.
Behin goian, soka luze bat zegoen berantzako aldapa gogorra jeisteko erabili nahi zuenarentzat. Elurretan bera, bakoitzak bere teknika erabiltzen zuen. “culo eskia”, sokarekin atzera begira, zutunik erdi ski eta korrika…Nik azkeneko hau erabiltzen nuen, “culo eski-koek huzten zuten arrastoaren gainetik irristatuz. Elurretan bera umeen moduan gindoazen jolasean, baina txarrena elurra bukatzear zen toki horietan aurkitu genuen, elur azpian harkaitz edo zuloren batekin topo egitean. Behin lurra zapaltzean eta luzrzoru gogorrera pasatzean, oin azpietan nahiko sufritu nuen elurraren amortiguaziotik eta oinak guztiz sikatu artean. Gainera, oin azpiko egalean min hartu nuen harriren batekin eta Vegas de Sotresen kokatua zegoen hornidura gunerako jeitsierako azkeneko zatia oso gogorra egin zitzaidan. Berantzakoetan kriston mina neukan eskuineko oinak lurra zapaltzean eta beldur nintzen oraindik zer jeitsi bazegoelako, gerora igo beharreko Collada Valdominguerotik bera.
Hornidura gunean etxekoak zeuden lasterketaren jarraipena egiten eta kriston ilusioa egin zidan bertan ikusteak, berriro aurrera jarraitzeko indarrak kargatuz. Antolakuntzari utzitako poltsa neukan puntu hartan, baina ez nuen ezer erabili eta hornidura gunean zeozer jan eta edan ostean, aurrera jo nuen oina guztiz hotzitu aurretik.

Hurrengo igoera oso gogorra egin zitzaidan eta hasieran azkarrago joan arren laster hartu nuen erritmo lasai lasai bat gorarte eramango ninduena. Tartean susto bat edo beste eduki nuen ilusio optikoren batekin. Lainoa itxia zegoen eta Collada Valdomingueroko toki garaiena bertan neukalakoan, bapatean lainoa desagertzean, oraindik beste 45minutuko aldapa bistaratzean hartu nuen sustoa. Gorantza poliki poliki ezinean nindoala, antolakuntzako batek umoretsu ardoa ere eskaini zidan baina ez nengoen hortarako.Ondoren animoak eman nahian, “un poco más y tranquilo que para abajo la calabaza también rueda” esan zidan. Barre batzuk bota nituen bai gizon honen kontura,  ta hala nola segurtasuneko soka eta kateak jarrita zeuden azkenengo zatira iritzi nintzen. Lau hanka gutxi ziren hor, eskuetan bastoiak dituzuenean gainera zailago.
Behin goian, arnasa berreskuratu eta  berantza abiatu nintzen elurretan bera, aurretik zihoan taldetxo batekin bat egin nahian. Aldapa beraz gain, zati lau asko zeuden elur bigunarekin eta oso deserosoa zen bertan korrika egitea.
 
 
Andarako aterpetik bera, Jitu Eskarandiko hornidura guneraino, pista batetik joan beharra zegoen, jada elurra atzean utzita. Eskuineko oinak oraindik berantza min egiten zidan, baina berotan eta ezkerreko hankarekin eta bastoiekin engainatuta banindoan aurrera nahiko txukun. Behin hornidura gunean, berriro etxekoekin bat egin eta azkeneko likido probisioak hartu ondoren ekin nion aurrera, denbora asko galdu gabe. Arenas de Cabrales jada bertan zegoela ematen zuen arren, oraindik zer igo bazegoen. Puntu honetan, Traveserinakoekin egiten genuen bat eta Traveserakoak zirelakoan, hasieran flipatuta huzten ninduten, pasatu ziren apurrek zekarten abiadurarekin. Azken mendate honek baziruedien ez zeukala puntu gorenik, zati luzean pixkanaka gorantza jotzen zuelako eta nahiko desesperantea egin zitzaidan erreferentzia faltagatik.
Zelai batzuetara iritsita, Traveserako aurreko taldean zihoazen bi aurreratu nituen eta ondoren atzetik zetozen beste bik aurreratu ninduten. Nire harridurarako, iazko irabazlea zetorren bestearekin batera. Gerora ohartu nintzen, aurten lesio baten ondorioz ez zuela parte hartu eta azkeneko km apurrak anaiarekin batera egin zituela. Azken jeitsiera luze egin zitzaidan erromatar bide batetik zehar. Arenas de Cabrales hor bertan ikusten nuen, baina sekula irizten ez zaren sentsazioa neukan barnean. Herria bertan neukalakoan nahiko azkar jeitsi nintzen indar guztiak bertan agortuz eta bera iritsita, helmuga begi bistan geneukala, beste km pare bat eman beharra zegoen herri guztia alderik alde gurutzatzeko. Bastoien laguntzaz, erdi korrika eta oinez egin nuen zati hau, hala nola helmugan korrika aurpegi honarekin sartzeko intentzioarekin. Azkenean 19. postuan sartu nintzen helmugan, 14 ordu eta 47minutu behar izan nituelarik ibilbidea osatzeko.
 
 
Beste mendi lasterketa batzuekin alderatuta, egindako denborak eta egindako postuak bigarren plano batean geratzen direla uste dut, lasterketako ibilbidea bukatzeko ahaleginak eta ibilbideak berak hasetzen zaituelako, nahiko eta sobera. Horrelako ibilbide luze eta eder  bat egin eta gero, bertan bizitakoak eta ikusitakoak hasetzen nau guztiz.
 
Gora eta bera proba honetan sufritutakoarekin alderatuta, pila bat gozatu dudan sentsazio ona geratu zait, umeen moduan pasa nuenaren sentsazioa.
 
Lasterketa bat baino gehiago dela iruditzen zait Travesera, ohiko lasterketetatik kanpo geratzen den goi mendiko bidai gogor gogor bat. Bidai gogor gogor bat bezalaxe, bakoitzak bizitako sentimenduez jositako bidai eder bat da Travesera.

Travesera nolakoa den azaltzen duen bi parte hartzailek osatutako bideoa:
http://www.rtpa.es/video:Asturias%20Extrema_551372467916.html

Traveserako beste bi bideo:
 

 

2013/06/12

2013-KO IRAUPEN LUZEKO LASTERKETEN EGUTEGIA

2013-RAKO PLANTEATUTAKO ERRONKA NAGUSIAK

Behin etxeko lanak eginda eta lasterketa batzuetan parte hartu ondoren, 2013-rako planteatu ditudan erronka nagusiak gainean ditut. Uda partean hilero lasterketa luze bat egitea da asmoa, ekainetik irailera bitartean 4 erronka desberdin burutuz ezer larririk gertatzen ez bada behintzat:

TRAVESERA INTEGRAL PICOS DE EUROPA 74km +6800m (2013-06-14)

EHUNMILAK 168km +1100m (2013-07-12)

ULTRA TRAIL DEL MONT BLANC 168km +9800m (2013-08-30)

ULTRA CAVALLS DEL VENT 100,6km +6668m(2013-09-21)

Guzti hauek pasata oraindik gogoa baldin badago urri bukaeran beste iraupen luzeko mendi lasterketa batean parte hartuko dut 2013-ko denboraldiari agur esateko.
 
Lasteketa hauek nondik norakoak argitzen dituzten bideoak:
 
TRAVESERA INTEGRAL PICOS DE EUROPA
 
EHUNMILAK
 
ULTRA TRAIL DEL MONT BLANC
 
ULTRA CAVALLS DEL VENT
 
 

EUSKAL HERRIA MENDI ERRONKA


EUSKAL HERRIKO SELEKZIOEN OFIZIALTASUNAREN ALDE (2013-06-1)

Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren aldarria lau haizetara zabaldu asmoz  ospatu zen Euskal Herria Mendi Erronka mendi lasterketaren lehen edizioa Leitzan. Aralar eta Leitza inguruko mendietatik igarotzen den lasterketak 65 km eta 3500m gorako desnibel metatua ditu. Tartean Irumugarrieta mendia igota kilometro bertikala egiteko aukera dago, Gaintzatik Irumugarrieta tontorrerako ibilbidea kronometratua delarik. Gainera taldeka ere parte hartu daiteke gutxienez 4 kidetako talde mixtoa osatuz.

Euskal Herria Mendi Erronka lasterketaren web orria: http://ehmendierronka.com/
 
Zaldai Mendi Taldeko kide batzuk lasterketaren berri izan genuenean laster hasi ginen Leitzarako espedizioa prestatzen. Asteburua bertan igarotzeko etxeren bat bilatu, taldeka parte hartzeko artaldea batzen hasi…
 
Ostiral arratsaldean abiatu ginen Leitzarantz asteburu polit bat pasatzeko asmoarekin. Leitzara bidean zerua ilun ikusten zen eta aste guztiko eguraldiaren iragarpenek ez zekarten notizi onik. Hainbeste luzatzen ari zaigun negu hau ikusita eta Leitza Euskal Herriko punturik euritsuenetakoa izanik, ez genuen gutxiago espero.

Leitzan gaua pasaturik ez geneukan horren goiz jaiki beharrik, hala ere 5terdiak aldera jaiki ginen oraindik lasterketako txipak jasotzeko geneuzkan eta. 6terdietako Leitzako plazako irteera gunera iritzi ginen, txipa jaso eta aterpean gustora egon ginen kanpoan euri botalan zegoen eta. Hala ere, beroketaren bat edo beste egin beharra zegoen eta laster irteera puntura joateko deia zabaldu zuten bozgorailuetatik. Nerbioak nerbio irteera baino minutu batzuk aurretik, komuna bistatzeko joan-etorri azkar bat egin behar izan nuen. Goizeko seiak jota justu lasterketako hasiera markatuko lukeen suziriak zeruan eztanda egin behar lukeenean, argindarrak kale egin eta irteerako arkua bera erori zen. Eskerrak laster bueltatu zela, euripean geldi ez zen giro eta.

 

Beraz 6ak pasata irten ginen Leitzako plazatik. Zaldaiko kideen artean bakoitza bere erronka pertsonalekin lasterketaz nolabait gozatzeko eta taldeka zeozer txukuna egiteko asmoarekin.
 
 
Lehen 2 kilometrotan behintzat aurrekaldean jaotea neukan pentsatu hasierako tramoetan pilaketak saihesteko eta lokatz gutxiago harrapatzeko. Lasterketak pixkanaka erritmo azkarra hartu zuen eta pixkanaka neure erritmo lasaiagoa hartu nuen. Lokatzetan aurrera egiteak esfortzu doblea eskatzen zuen eta lehen kilometroetan horrelako desgastea eginez gero ondoren ordainduko nukeelakoan nengoen.

Pixkanaka lehen tontorra pasata Gaintzara iritzi nintzen. Lasterketako puntu honetatik Irumugarrietako tontorreraino ibilbidea kronometratua izan arren, indarrak ondo neurtu beharra zegoen lasterketa osoa txukun bukatzeko behintzat. Beraz, Gaintzako hornidura gunean indarrak bildu eta erritmo konstantean igotzen saiatu nintzen, nahiz eta lupetzetan emandako labankadek norbera zeharo desesperatu, pausu bat aurrera eta 2 gutxienez atzera emanez. Zati handi batean Atharratzerekin batera egin nuen igoera eta tontorrera Jose Luis Albizurekin batera iritzi nintzen. Behin goian azken honen atzetik hurrengo hornidura gunerako bidea nahiko gustura egin nuen tramo tekniko eta nahiko arriskutsuan. Laino artean bisibilidade eskasa egon arren bidea oso ongi markatuta zegoen eta aurrean neramanak pausua non ematen zuen ikusteak zeharo erraztu zidan. Hemendik aurrerako Aralarreko pistetan zehar korrika gehiago sakatzeko tokietan, postu batzuk galdu nituen. Aralarreko zati honetan euriak eta hotzak bortizki astindu gintuen, hala ere Aralarreko txoko desberdinetan kokatuta zegoen jendearen animoek bidea zeharo erraztu ziguten. Benetan eskertzekoa zegoen eguraldi petralarekin, hotzari eta euriari aurre eginez jaso genituen animo guztiak.
 



Behin Aralarreko azken hornidura gunera iritzita, berriz idarrak biltzeko zerbait jan, bertan zegoen Igor lehengusuarekin zerbait hitz egin eta Lekunberrirako berantzako bideari ekin nion. Tarte honetan lokatz pila bat zegoen, hori dela eta oreka mantentzen nahiko komeri izan nituen bastoiekin lagunduz. Gainera labankada baten ondorioz lurrera joan nintzen eta holakoetan gero beldur gehiagorekin jotzen da aurrera . Berantzako zati honetan, berriz Atharratzerekin egin nuen bat eta berarekin zetorren David Hornesekin. Nire aldean erritmo hobean zetozen jaisten eta nahiko sufritu nuen beraiei jarraitzen. Hori dela eta ondoren Lekunberrira orduko pista lauetan aurrea hartu zidaten. Aurretik ere banekien Lekunberri inguruan korrika egin ahal izateko km dezente aurkituko nituela erdi lauan edo gorantza jotzen dituzten horietakoak. Zati hau bukatzeko desiatzen nengoen aldapa gora gogorragoetan oinezean jartzeko. Horrela pixkanaka asko sufritu ostean eta zeozer jan eta gero, hobeto aurkitzen hasi nintzen eta berrio egin nuen bat beste bi hauekin. Guztira Ireberko gainean laukote bat osatu eta Leitzarako azken jaitsiera luzeari ekin genion. Iladan jaitsieraz disfrutatzen nindoan sentsazio onekin, baina pixkanaka gero eta abiadura handiagoan gindoazen ia ohartu gabe, Leitzako helmuga gero eta gertuago sentitzeaz bat. Txirrindulariek esprina prestatzeko egiten duten bezalakoxe sentsazioak etortzen zitzazkidan burura. Azkenean Leitzako kaleetara iritzi ginen beste korrikalari bat aurrean genuela. Korrikalarien ilada guztiz luzatuta helmugara orduko zegoen aldapatxoan hortzak estututa iritzi nintzen osatutako taldetxoko zierrakarreras bezala. Zekula ez nuen pentstuko 65. kilometroan horrela ibili ahal izango nintzakeenik Lekunberri aldean neraman gorputz eskasarekin.
 

 Azkenean 8 ordu behar izan nituen ibilbidea osatzen 24. postuan. Gustura, lokatza eta dutxa etengabeaz gain, ibilbideaz asko gozatu nuen sentsazioa geratu zaidalako eta batez ere Lekunberrin sufritutakoari buelta eman ahal izan niolako. Taldeka ez genuen puntuatzerik lortu; hala ere, etorkizunerako beste lasteketa batzutarako ilusioak berritu genituen. Gainera tabernaz taberna ongi errekuperatu genituen egun guztiko esfortzuak…

Leitzako lasterketa laburbiltzen duen bideoa:


2013/06/02

ULTRA TRAIL APUKO EXTREM


APUKO EXTREM (2013-04-20)

Bilbotik pausu batera, Enkarterriko Zaramillo herritik abiatuta, Apuko Extrem ultra trailaren bigarren edizioa ospatu zen apirilaren 20an. 83 km eta 6800m gorako desnibel metatua ditu iraupen luzeko lasterketa honek. Iazko lasterketaren bezalako luzera badu ere, aurten ibilbidea zeharo aldatu dute Enkarterrietako zenbait herritatik pasatuz eta ibilbidea desnibelean dezente gogortuz. 
 
 
 
Apuko Extrem ultra trailaren web orrria: http://www.apukoigoera.com/

Urtean zehar behin baino gehiagotan entzun dugu Apuko edo Zaramillo izena. Izan ere, lasterketa eta ekimen desberdinak antolatu dituzte Apuko Extrem ultra trailaz gain. Otsailean, 22 km-ko Apuko Igoera lasterketa ospatu zen korrika zein bizikletaz egin daitekeena eta martxo bukaeran, Apuko Extrem-eko ibilbidea ikuskatzeko bi irteera eta hitzaldiak antolatu zituzten Nuria Picas eta Miguel Heras mendiko korrikalariekin batera.

Goraipatzekoa benetan urtean zehar Oscar, Martín eta gainontzeko antolakuntzako kideek kirolaren bitartez lortu dutena. Horrelako herri txiki baten izena lau haizetara zabaldu eta Enkarterri sustatzeaz gain, Bilbotik hain gertu askorentzat ezezagunak zaizkigun mendi eta txoko ederrak ezagutarazteko lan handia egin dute. Nik behintzat Zaramillo ez nekien non osti zegoen ere eta jadanik 3 alditan izan naiz aurten.

Iritzi da lasterketa eguna, goizeko 3:30-etan esnatu, gosaldu, dutxatu, trastoak kotxean sartu, Zaramillorainoko bideari ekin, 5-ak aldera Zaramillon aparkatu, dortsalaren bila joan, konpainia onean kafea hartu, Rocakari bisita egin, azken uneko azken prestakuntzak motxila egin eta deseginez hainbat alditan , antolatzaileen azken notiziak entzun eta irteera puntura gerturatu nintzen beste 240 korrikalarirekin batera.
 
 
Eguna egin orduko goizeko 6etan abiatu ginen Zaramillotik, herria zeharkatu, errepidetik 300 bat metro egin eta gorantza erreparo barik jotzen zuen pista bat hartu genuen. Pixkanaka lehen postuetara hurbildu nintzen eta hala nola  lehenengo zioanari jarraitzen nindoala konturatu nintzen. Egia esan aurretik ez zegoen beste argirik, bere frontala ez zebilen eta. Halako baten argiztatzeko eskatzen dit eta orduan konturatu nintzen Pedro Urbieta iazko irabazlea zela. Zati batean joan nintzen bai, Citadellesen galdu nuen frontalaren ondorioz erosi eta estreinatu berri nuen frontal berriarekin argiztatzen. Esfortzuak esfortzu, laster ohartu nintzen motxilan beste frontal bat sartu nuela eta hauxe utzi nion. Lehen tontorra, Gongeda, pare parean genuela hainbat korrikalari gindoazen ilada luzea osatuz. Ondoren malda handiko jaitsiera arriskutsu bati egin genion aurre garoak bustita zegoen eta.  

Behin lehen hornidura gunera iritzita, isostar piskat  hartu ostean Ganekogortako malda gogorrari ekin genion artez artez, Gaizka Barainano lasterketako buru zela. Lehenengo zati honetan gustora nindoan, lar arin gauza onerako. 4. tontorretik pasata Behin berantza eman beharreko lehen pausuetan zeozer arraroa igarri nuen orkatilan eta ibuprofeno bat hartu eta lasaiago joan nintzen zati batean pausua berreskuratu artean.

Ganekogortaren ondoren Galarraga mendia igoz berriro ibilbideko ia puntu berberera iritzi ginen. Hemendik Aguilatoseko gainera gorantza jotzen zuen pista batean korrika nindoala azkenean 4. bukatu zuenak aurreratu zidan. Antza motxila eta neraman guztia ikusita astunegia zela iruditu zitzaion eta ia Tor de Geantserako preparatzen nenbilen galdetu zidan, harriduraz etxea beti gainean eramaten dudala erantzun nion. Egia esan “badaezpada, badaezpada” azkenean motxila goraino betetzen dut nahiz eta gero ia ezer ez erabili. Aurreratu ninduenean ordea, konturatu nintzen bera boteilin bat zeukan gerriko batekin zihoala soilik. Mendiko lasterketetan denetik ikusten da eta puntu honetan mutur biek topo egin zutelakoan nago, edo dena hala ezer ez.

Aguiltosetik berantza aldapa bera bortitza dago pista batzuetatik, hankak zeharo ahultzen dituen horietakoa. Behin bailarako behekaldera jaitsita La Quadran kokatuta zegoen bigarren hornidura gunera iristeko 2 km inguruan lisuan korrika egiteko zati ederra zegoen hankak pixka bat gehiago matxakatzeko.
 

 La Quadratik mendian gora itzuli bat eginda bertako hilerritik gora Eretzako igoera kronometratua hasten zen. Egingo nuen denbora ahaztuta, behetik hasita erritmo konstante batean egin nahi nuen igoera, lasai baina lokartu gabe. Baina lehenengo pistetako aldapetan erritmoa zeharo jaitsi behar izan nuen ez nindoan eta ondo gorputzez ezta hanketatik ere. Gero eta okerrago nindoan, zuri zuri jarri nintzela uste dut pajaroia tarteko eta gelditu beharra neukan. Egoerari aurre egiteko itzelezko merendola egin nuen gorantza pausu txikiak ematen nituen bitartean, hiru barrita bata bestearen atzetik. Erritmo berdinean jarraitu ezkero bazterren batean botata aurkituko nindutelakoan nago. Horrelako egoeran egonda eta helmuga hain urrun ikusita zeharo enbajonatuta aurkitzen nintzen. Hala nola, barritek laster egin zuten efektua eta indar pixka bat errekuperatzeaz bat erritmo lasaian hobeto nindoan buruari buelta emanez. Gorantza Albizurik aurreratu zidan korrika txikian pistako azken zati gogorrenetakoan, hau benetan fin zioan.

Oraindik txarrena etortzeko zegoen Eretzako kortafuegosak, 3 pala gogor bata bestearen atzean. Pixkanaka pixkanaka tontorrera iritzi nintzen Jose Vicente Benitorekin batera. Honek “estas hecho un gallo” esan zidan baina ordurako gangarra jaitsita neukan. 
 
 
Behin tontorra zapalduta Soduperako jaitsierari ekin nion aurrekoari jarraitu gabe, nire hankek eskatzen zuten erritmo apalagoan.
 
 
Sodupeko hornidura gunetik pasata Luxar mendia igo beharra zegoen Güeñes herrian kokatua zegoen hornidura gune garrantzitsura iristeko. Tarte honetan igartzen nioan desgastea, pilak piskanaka agortzen joango balira bezala. Luxarko jaitsieran gainera hankak dardarka neuzkan eta inongo indarrik gabe pausua ganoraz emateko. Tripak jada lorrinduta neuzkan eta jatekoa ez zitzaidan errez sartzen. Behin hornidura gunean antolakuntzari emandako poltsa jaso eta taper batean neuzkan hiru arroz-esneak jan nituen, aldean neramatzan platanoez gain beste edozer jaten nahiko komeri neukan eta.
 
 
Güeñesko hornidura gunetik irtenda Ubietamendi  mendia igo beharra zegoen. Lehenengo aldapetan arroz esnea ahora igotzen zitzaidan eta tripak zarata hotzean jarri zitzaizkidan labadora bat izango balitz bezala. Gorputzean sentsazio eskasekin pixkanaka gorantza nioan walking deadekoak bezala, bidegurutzeren bat saltatuz nahiz eta aurrean X nabarmen bat egon seinale bezala. Berriro bidegurutzera itzuli eta Sergio Aramendiak aurrea hartu zidan nire aldean askoz finago zioan eta. Behin Ubietamendi tontorrera iritzita Galdamestik jaurtitako lehen txapligoa entzun nuen lehena bertatik pasatzen zebilen seinale. Ubietamenditik pistarik pista jaitsiera egin ostean errepidetik zati polit bat egin beharra zegoen gorantza jotzen zuena.


Erdi korrika zeozer esatearren Galdamesera nahiko ikututa iritzi nintzen. Puntu honetan atzetik zetozen Unai Bengoa eta Atharratzerekin egin nuen bat. Haiekin joaten saiatu nintzen baina ezin nuenez luzaroan erritmo horretan joan, lasaiago joatea erabaki nuen berriro bazterren baten botata aurkitu nahi ez baninduten behintzat. Horrela hemendik helmugarainoko bidea nahiko erritmo lasaian egin nuen gorputzean neuzkan indar apurrak dosifikatuz. Aurretik Gazteran eta Apuko mendiak nituen, baina min gehien egia esatearren, perfilean berantza dela jarri arren , bat batean agertzen zaizkizun aldapa eta erdi gorantza jotzen zuten bide luzeek egin zidaten. Esaterako Apukotik helmugara dena berantza zelakoan oso luze egin zitzaidan. Aldapan bera hankei eusten nahiko komeri izan nituen pausua ganoraz emateko eta Zaramillora orduko ia desnibel gabeko bideetako aldapetan korrika egitea ezinezkoa zitzaidan.
 
 
Azkenean helmugako arkua pasa nuen, Zaramilloraino nekarren aurpegi eskasarekin alderatuz itzelezko irribarre batekin ahoan. Pozik, aspaldi, sekula ez esatearren, pilo bat sufrituta bukatu ahal izan nuelako. Nahiz eta hobeto egin nezakeela uste, burututako denborarekin gustora, 13 orduren bueltan ibiliko nintzela uste nuen eta azkenean 11 ordu eta 28 minutu behar izan nituen eta ibilbidea osatzeko, 15. postuan. Gainera zer ikasi eman dit lasterketa honek, gorputzaren limiteak ezagutu, buruari nola buelta eman, lasaiago irten beharko nintzela nahiz eta gero sekula kasurik ez egin, motxilan trastoak sartzeko tetrisak egiten ez dagoela zertan burua nekatu behar, kriston tripadak ezin ditudala egin…

2013/04/10

TRAIL DES CITADELLES

TXOKOLATETAN IGERIAN  (2013-3-31)

Aurtengo iraupen luzeko lasterketen denboraldiari hasiera emateko Citadelleseko ultra traila aukeratu dut. Frantziako Pirineoetako Ariegeko lur eremuan dagoen Cataroen herrian burutzen da proba. Historiaz betetako lurralde honetako gaztelu eta basoak zeharkatuz  73km-ko ibilbidea osatzen du ultra trailak eta 3600m ditu gorako desnibel metatuan . Hontaz gain, beste bi lasterketa ospatzen dira egun berberean, 20 eta 42km dituztenak.

Trail des Citadellesesko web orria: http://www.trail-citadelles.com/2008/
 

 
Neguko eguraldi petralak baldintzatutako entrenamendu eta konpainia onean egindako Apuko eta Senpereko mendi lasterketen ondoren, iritzi da denboraldiko lehen ultra trailari ekiteko ordua.

Ohiko opor egunak aprobetzatuz Carcasone eta Ariege inguruko herriak bisitatu nituen Silviarekin batera. Ondoren, lasterketaren aurreko egunean, Lavelaneteko herrian dortsalak jasotzeaz gain lasterketako ibilbidean kokatzen diren Montsegur eta Roquefixadeko gazteluak bisitatu genituen. Nolako maldak eta batez ere zenbateko lokatz pila aurkituko genuen jakiteko ondo etorri zen bisita.

 
 
 
Orduaren aldaketa zela eta ez zela, 5:00ak aldera irten ginen Foixeko herritik lasterketako irteera puntua zen Lavelaneteko herrira joateko. Presak alde batetik eta ohiko nerbioak bestetik, estreinatu gabeko frontal berria bazterren batean galdu nuen. Eskerrak kotxean frontal zahar bat sartu nuela badaezpada bidaiarako. 6:00ak gainean zirela euria bota ta bota zabilen eta berotu gabe irteerako karpan sartu, aurreko ilaratara hurbildu, Oscar Nieto laguna agurtu ta abesti luze ohietako baten ostean eman genion hasiera lasterketari.
 
 
Hasieran lasterketa buruan jarri nintzen beste batekin batera, baina laister jarri ninduten nire lekuan. Lavelanet herriko asfalto gozoa bukatu eta bertako farolen argitasuna atzean usterakoan hasi ziren arazoak. Sentsazio nahiko txarrak, batetik arropa larregi agian korrikan generaman abiadarako eta bero nintzen goretexeko jakearekin, eta bestetik frontalak pilak erdi agortuta zituela ohartu nintzen eta ez nuen aurrekorik ikusten. Aurrekoaren argiari jarraika eta atzekoaren argiren kerispearekin nahiko komeri izan nituen, zer zapaltzen nuen ere ez nekien eta. Eskerrak orduterdian egunez egin zela eta laister iritzi ginela 18. km-ko Belesta herriko hornidura puntura. Handik aurrera dena zeharo aldatu zen, eguna egitearekin bat atertu egin zuen eta jakea kendu ahal izan nuen.  


Hemendik aurrera sentsazioak hobetu ziren, behintzat gehienetan lokatza zapaldu arren non zapaltzen nuen ikusten nuen eta korrikan arropa gutxiagorekin erosoago nindoan. Horrela pare bat pertsona aurreratuta 17. postuan iritzi nintzen 34. km-an zegoen Fougax herriko hurrengo hornidura gunera. Puntu hontatik aurrera, lasterketako puntu garaiena den Montsegureko gaztelurako igoera hasten da. Erritmo bat mantenduz saiatu nintzen igotzen nahiz eta askotan pausu bat aurrera eta bi atzera eman lokatzarengatik. Azkeneko partean maratoiko eta erdi maratoiko korrikalariekin egin genuen bat gazteluko igoeran. Igoera honetan beste lasterketakideekin gurutzatzen zara igo eta jeitsi toki berberetik egiten bai zara.
 

Ondoren maratoiko lasterkariekin batera osatu genuen ibilbidea, eta nola ordurako asko ta asko aurretik zihoazen hornidura guneko txokolateaz gain lurrean txokolate askoz gehiago topatu genuen. Maratoiko lasterkariekin topo egitean hauek errespetu osoz ezer esan gabe apartatzen ziren brabo esanez, eta hori dela eta ez dakit zenbat aldiz esan nuen “mersi, brabo brabo”, azkenean nekearen nekeaz “Messi” esaten bukatu nuena, nahiz eta Mutrikuarrek ondo erakutzi “mertzi” esaten. Jeitsiera luze baten ondoren 47. km-ko Montferrier herriko hornidura gunera iritzi nintzen. Hornidura guneetan batez ere ura betetzeko eta ura ez zen bestelako edariak edateko aprobetzaten nuen. Hortaz gainm motxilatik platanoren bat edo beste atera nuen, badaezpada beti eramaten bai ditut bestelako janaririk jan ezin dudanean erraz barneratu ahal ditudalako.

Puntu hontatik aurrera bigarren gaztelurako igoera luzea hasten da. Behiek zapaldutako zelai lupeztuetan gora besoekin hankekin beste indar egin behar izan nuen makilekin, lau hanka gutxi ziren hor. Piskanaka Roquefixadeko gaztelura iritzi nintzen, baina handik aurrera ere bazegoen zer igo. Behin puntu gorena bilatuta, Roquefor les Cascadeseko ur jausietatik jeitsiz azken aurreko hornidura gunera iritzi nintzen. Ordurako hankak gogor gogor eginda nituen eta erabat minduta, labankadak labankada, lupetzetan gora eta bera ibiltzearen esfortzuaren ondorioz.


Hemendik aurrera lurzoruak piskat hobera egiten zuen lupetz kontuan baina ordurako indarrez oso ahul nengoen horri etekina atera nahi banion. Azkeneko igoeran bi lasterkarik aurreratu ninduten bata lasterketa osoan erdi batera alboan zioan mutil bat eta bestea aurreko egunean Lavelaneten ezagutu nuen Joseba Gurpegi, hau atzetik aurrera zetorren oso indartsu. Kostata azken malda igo ondoren, oraindik harriartean kresterio luze bat egin beharra zegoen helmugarako azken jeitsierara orduko. Piskanaka helmugatik gero eta gertuago Lavelaneteko bozgorailuen zaratak entzun eta bertako etxeak antzematen ziren. Herrirako jeitsierako azken partean, soka batez azken jeitsieraren arriskua sahiestu nahi izan zuten antolatzaileek ohi bezala. Baina ordurako lupetzetan ibiltzen masterra aterata neukan, lasterketa osoan zehar ez bai nintzen oraindik jauzi. Hala ere soka erabili nuen badaezpada, eperdiko bat hartuta helmugara ez irizteko beldurrarekin. Baneukan ba gogoa irizteko, gainera Aberri eguna izanik ta zoritxarrez Frantzian gertatutako azken albiste tamalgarriaren ondorioz zer ospatu handirik ez zegoenez, ikurrina buff beltz batekin egindako lazotxo batekin astintzeko.

Guztira 8ordu eta 53 minutu behar izan nituen lasterketa bukatzeko eta 15. postuan bukatu nuen 450 lasterkaritatik. Azkenean gustora, txokolatetan inoiz igerian ibilita egon gabe ez dago ta txarto lasterketa bukatzearekin bakarrik.

Trail des citadelleseko irudiak batzen dituen bideoa: