2013/07/07

TRAVESERA INTEGRAL PICOS DE EUROPA


GORA GORA GORA GORA A A A,
BERA BERA BERA BERA A A A,
GOGORTASUNETIK EDERTASUNERA,
UMEEN MODUAN GOZATUZ (2013-06-14)

Picos de Europako hiru mendi multzoak zeharkatuz urtero ekain erdialdera 74 km eta 6600m gorako desnibel metatua dituen proba ospatzen da, Asturiaseko Covadongako santutegi inguruan hasi eta Arnas de Cabraleseko herrian bukatuta. Jada X. edizioa da aurtengoa eta Traveseraz gain aurten Traveserina jaio da, 44km eta 3000m gorako desnibel metatua duen proba “txikiagoa”.

Travesera integral de Picos de Europa probako antolatzaileen web orria: http://www.gmensidesa.com/
 
 
 

Travesera lasterketa bat baino gehiago dela diote askok eta ez zaie arrazoirik falta. Goi mendiko ibilbide teknikoa da ia osotasunean, igoera eta jeitsiera luze luzeak eta bertikalak, eguraldi aldakorra eta batez ere ibilbidearen gogortasunaz gain, ibilbidearen edertasuna.
 
Orain dela pare bat urte proba honetan parte hartzeko izena emanda nengoen eta azkenean despedida bat tarteko ezin izan nuen Covadongako irteera puntuan egon. Aurten arantza hori kendu nahian, izen emateak zabaldu eta berehala eman nuen izena, aurtengoan ez nuen eta galdu nahi. Ilusio berezia egiten zidan horrenbeste oroitzapen on ekartzen dizkidaten Picos de Europako puntu desberdin guzti horietatik egun bakarrean pasatu ahal izateak.

Ilusioak ilusio, errespetu itzela ematen duen proba da. Gainera, negu gogor baten ondorioz 1600m-tik gora elurra aurkituko genuela aurreikusten zuten antolatzaileek, kranpoiak aldean eramatera derrigortuz.

Ibilbidea nola aurkituko genuen eta gorputzak ibilbide honi nola aurre egingo ote zion urduritasun horrekin, Covadonga ondoko Repelaoko parkingnean kokatuta zegoen irteera puntura gerturatu nintzen. Dortsala hartuta eta bide erdian jaso beharreko poltsa jada utzita nituenez, beroketa batzuk egin eta konturatu orduko iritsi ziren gaueko 24:00ak, probaren irteerarekin batera.
 
Korrika hasi, zeozer esatearren, eta hiru pausu ematearekin batera lurrera joan nintzen irteerako zintarekin estropozu eginda. Laster altzatu nintzen inork ez zapaltzeko eta aurrerantza jo nuen aurrekaldean zihoazen korrikalarien ingurura. Hasierako asfaltoa betirako atzean utziz, segituan hartu genuen zeharo lokaztua zegoen mendiko bidexka bat, banan banan joan beharrekoa. Hemendik aurrera, Covadongako lakuetaraino igotzeko baso eta zelai desberdinetatik gurutzatu behar dira. Zati honetan gusturago nindoan aurrekoaren atzetik pega pega eginda iladan barik.  Bakar bakarrik, momentu batez atzera begiratu eta urrutira korrikalarien argi ilada luzea zetorren eta aurreraxeago beste argi ilada txikiago bat. Lurrera begira, hurrengo pausua non eman beharko kontzentrazio horrekin, konturatu gabe zuhaitz baten adar batek neraman txapela kendu zidan lupetzetara jaurtiz. Ondoan ziren frontalak argiztatutako begi distiratsu horien jabeak ziren behiek ere, fijo barre egin zidatela lokatz artetik txanoa jasotzen ikusi nindutenean.

Apurka apurka, Covadongako lakuetan kokatua zegoen hornidura gunetik pasa nintzen, 17. , antolakuntzako kide batek esandakoaren arabera. Bertan edateko zerbait hartu eta aurrerantza jo nuen ezaguna zitzaidan pista batetik aurrera. Hemen, gerora ikusiko genuenarekin alderatuta, korrika egiteko terreno laua zegoen 2 km inguruan. Pista hau alde batera utzi eta errekatxo bat gurutzatu ondoren gorantzako bideari ekin genion, korrika egiteari utzi eta oinezean jartzeaz bat.

Orain arte ondo nindoan, erritmo onean baina dosifikatuz asko sufritu gabe. Baina segituan tripak gogor gogor eginda jarri zitzaizkidan eta pausu bakoitzeko tripetako mina areagotzen zihoan. Pixkanaka atzetik zetorren jendea gerturatzen zetorren eta ni gero eta motelago gorputz txarrarekin. Horrela urrutira ezin nintzela joan eta zeozer egin beharra neukan. Astiroago joan, arnasa pixka bat errekuperatu eta deskargatzera joan nintzen atzetik zetorrenari ez jarraitzeko abisatuaz batera. Piska bat errekuperatu nintzelakoan bideari ekin nion, baina tripek bigarren beste abisu bat eman zidaten eta berriro harkaitz artean eskutatu beharra sentitu nuen. Hemendik aurrera, gorputzak lasaitasun ederra hartu zuen eta pixkanaka hobeto sentitzen hasi nintzen.

Behin Vega Redondako aterpe paretik pasatzeaz bat, elurrarekin topo egin genuen eta hemendik aurrera bidailagun izan genuen ibilbidearen zati handi batean. Pixkanaka geldialdi horietan aurreratu ninduen jendea aurreratzen nindoan eta gorputzari jaten eman nion lehenago ezinezkoa zitzaidan eta. Collau del Jou Santu orduko frontalen bateria agortu zitzaien bi pertsonekin egin nuen topo, bata bestearen atzetik. Pilak aldatzen laguntzeko pixkat argiztatzeko eskatu zidaten eta kasualitate edo ez, biek zeramaten frontal berdina, nik neramanaren modelo berria.

Gorantza elurra nahiko gogor  aurkitu genuen eta ondo joaten zen. Maldak alderik alde zeharkatzean ere, nahiko ondo joaten zen aurreko egunetatik zeozer zapaldua zegoelako. Baina zati hauek ematen zidaten errespetu gehien, gauez eta topo egin genuen lainoarekin urrutira gauza handirik ikusten ez zelako eta aldamenera begiratuz bazegoelako ez dakit zenbat metro berantza irristatzeko aukera. 2113m-tara dagoen Collau del Jou Santuko puntu gorenera iritsita, 1500m-ko jeitsiera bati egin behar zitzaion aurre Cain-eko herriraino. Behin berantzako elur palak zuen aldapa bertikalari beldurra kenduta, elurretan bera nahiko ondo joaten zen. Beste hiru pertsonarekin batera egin nuen zati hau elurra bukatu zen ingururaino. Puntu honetatik aurrera, frontalaren pilek gero eta argi gutxiago eskaintzen zidaten eta bidean ez aldatzearren Caineraino itzaron nuen. Tramo nahiko arriskutsua zen berantzakoa, harkaitz  artean berantza Z ugari eginez. Abiadura pixkat hartu orduko, esku frenoa bota behar zenuen beste aldera egiteko. Argi gutxi aldean eta aurrekoari jarraitzen nindoala, antolakuntzako batek tramo honetan kontuz jeisteko abisua ematen digu. Hau esan eta 10m-tara aurretik zihoana amildegi ertzean jauzten da bastoi bat berantza erortzen zaiolarik. Sustoa itzela, eskerrak ezer larririk ez zela gertatu.Kasualitatez, jeitsi eta 20m beheragoko bidetxoan bastoia aurkitu genuen. Aurrekoak sustoa aldean zuela eta nik pilak ez aldatzearren, argi gutxirekin, normalean baino polikiago jeitsi ginen Cainera.

Cainen Oscar Nieto eta bere Zallako lagun bat zeuden lagunei jarraipena egiten eta Pilak aldatzen nituen bitartean, aldean neramatzan bidoiak bete zizkidaten jada hustuak nituen eta. Zeozer jan eta Horcada Cainerako bide aldapatsuari ekin nion. Harkaitz artean gorantza segituan hartu nuen altuera, pareta haiek ikusita igotzea ezinezkoa ematen zuten bideetatik. Larunbateko lehen argi izpiekin batera, Cainera bidean berantza nentorren berberarekin nindoan gorantza. Elurrretara iritzi orduko, normalena gorantza jotzea izango zen toki batean, antolakuntzako markek ezkerretara eramaten zintuzten. Markak jarraitu eta jarraitu, hainbat pasatu ostean, ez genuen hurrengo markarik aurkitu. Desesperatuta, seinaleren bat aurkitu nahian, gora eta bera ibili ginen, baita elurretan beste lasterkariren baten lorratzak aurkitzen. 20minutu noraezean ibilita, erabat etzita eta inpotentziaz, berriro atzerantza markei jarraitzen nindoanean besteak gorantza egiten duela ikusi nuen, igotzea ezinezko zirudien pareta batetik. Bakarrik ez geratzearren eta logikoena  gorantza jotzea zenez berarekin batera jo nuen aurrera. Halako baten, azkeneko marka zegoen tokian, antolakuntzako petodun bat agertzen da eta oihuka “las markas están mal, es por el otro lado para arriba”esaten digu. Jada altura dezente hartuta geneukan eta gorantza jo genuen beste bidearekin bat egingo genuelakoan. Halako baten urrutira lasterkarien ilada luze bat ikusi genuen eta berriro bidearekin bat egin genuen.
 
 
Amorruz lasterketa usteko burutapena atzean utzita, indar gehiagorekin jo nuen aurrera lasterketa guztian zehar ikusi ez nuen jendea aurreratuz. Elur pala bat bestearen atzetik pasatuz, azkenean 2344m-tara dagoen Horcada Cainera iritsi ginen. Merezi zuen bai bertaraino iristeak, begien aurrean geneukana ikusteko. Naranjo mendia eta inguruko paisaia elurrez estalita, benetan ederra aurrez aurre geneukana.
 
 
 
Hemendik berantza, laster  baten, Urrielluko aterpean kokatua zegoen hornidura gunea geneukan. Bertan Jose Vicente Benito-rekin topo egin nuen, Andorrako Ronda del Cims-erako azken prestaketak egiten zebilen eta egun pasa. Zeozer jan eta berriro gorantza ekin beharra  zegoen 2382m-tara dagoen Collada Bonita igotzeko. Igoera gogor honetan, galdu aurretik inguruan zebilen lasterkari batzuekin egin nuen bat. Antolakuntzakoek aurreko egunetan egindako lanari esker, hainbeste metro zituen pala bertikalean gora nahiko eroso joaten zen, oinaren punta sartzeko besteko armailak egin zituzten eta.
Behin goian, soka luze bat zegoen berantzako aldapa gogorra jeisteko erabili nahi zuenarentzat. Elurretan bera, bakoitzak bere teknika erabiltzen zuen. “culo eskia”, sokarekin atzera begira, zutunik erdi ski eta korrika…Nik azkeneko hau erabiltzen nuen, “culo eski-koek huzten zuten arrastoaren gainetik irristatuz. Elurretan bera umeen moduan gindoazen jolasean, baina txarrena elurra bukatzear zen toki horietan aurkitu genuen, elur azpian harkaitz edo zuloren batekin topo egitean. Behin lurra zapaltzean eta luzrzoru gogorrera pasatzean, oin azpietan nahiko sufritu nuen elurraren amortiguaziotik eta oinak guztiz sikatu artean. Gainera, oin azpiko egalean min hartu nuen harriren batekin eta Vegas de Sotresen kokatua zegoen hornidura gunerako jeitsierako azkeneko zatia oso gogorra egin zitzaidan. Berantzakoetan kriston mina neukan eskuineko oinak lurra zapaltzean eta beldur nintzen oraindik zer jeitsi bazegoelako, gerora igo beharreko Collada Valdominguerotik bera.
Hornidura gunean etxekoak zeuden lasterketaren jarraipena egiten eta kriston ilusioa egin zidan bertan ikusteak, berriro aurrera jarraitzeko indarrak kargatuz. Antolakuntzari utzitako poltsa neukan puntu hartan, baina ez nuen ezer erabili eta hornidura gunean zeozer jan eta edan ostean, aurrera jo nuen oina guztiz hotzitu aurretik.

Hurrengo igoera oso gogorra egin zitzaidan eta hasieran azkarrago joan arren laster hartu nuen erritmo lasai lasai bat gorarte eramango ninduena. Tartean susto bat edo beste eduki nuen ilusio optikoren batekin. Lainoa itxia zegoen eta Collada Valdomingueroko toki garaiena bertan neukalakoan, bapatean lainoa desagertzean, oraindik beste 45minutuko aldapa bistaratzean hartu nuen sustoa. Gorantza poliki poliki ezinean nindoala, antolakuntzako batek umoretsu ardoa ere eskaini zidan baina ez nengoen hortarako.Ondoren animoak eman nahian, “un poco más y tranquilo que para abajo la calabaza también rueda” esan zidan. Barre batzuk bota nituen bai gizon honen kontura,  ta hala nola segurtasuneko soka eta kateak jarrita zeuden azkenengo zatira iritzi nintzen. Lau hanka gutxi ziren hor, eskuetan bastoiak dituzuenean gainera zailago.
Behin goian, arnasa berreskuratu eta  berantza abiatu nintzen elurretan bera, aurretik zihoan taldetxo batekin bat egin nahian. Aldapa beraz gain, zati lau asko zeuden elur bigunarekin eta oso deserosoa zen bertan korrika egitea.
 
 
Andarako aterpetik bera, Jitu Eskarandiko hornidura guneraino, pista batetik joan beharra zegoen, jada elurra atzean utzita. Eskuineko oinak oraindik berantza min egiten zidan, baina berotan eta ezkerreko hankarekin eta bastoiekin engainatuta banindoan aurrera nahiko txukun. Behin hornidura gunean, berriro etxekoekin bat egin eta azkeneko likido probisioak hartu ondoren ekin nion aurrera, denbora asko galdu gabe. Arenas de Cabrales jada bertan zegoela ematen zuen arren, oraindik zer igo bazegoen. Puntu honetan, Traveserinakoekin egiten genuen bat eta Traveserakoak zirelakoan, hasieran flipatuta huzten ninduten, pasatu ziren apurrek zekarten abiadurarekin. Azken mendate honek baziruedien ez zeukala puntu gorenik, zati luzean pixkanaka gorantza jotzen zuelako eta nahiko desesperantea egin zitzaidan erreferentzia faltagatik.
Zelai batzuetara iritsita, Traveserako aurreko taldean zihoazen bi aurreratu nituen eta ondoren atzetik zetozen beste bik aurreratu ninduten. Nire harridurarako, iazko irabazlea zetorren bestearekin batera. Gerora ohartu nintzen, aurten lesio baten ondorioz ez zuela parte hartu eta azkeneko km apurrak anaiarekin batera egin zituela. Azken jeitsiera luze egin zitzaidan erromatar bide batetik zehar. Arenas de Cabrales hor bertan ikusten nuen, baina sekula irizten ez zaren sentsazioa neukan barnean. Herria bertan neukalakoan nahiko azkar jeitsi nintzen indar guztiak bertan agortuz eta bera iritsita, helmuga begi bistan geneukala, beste km pare bat eman beharra zegoen herri guztia alderik alde gurutzatzeko. Bastoien laguntzaz, erdi korrika eta oinez egin nuen zati hau, hala nola helmugan korrika aurpegi honarekin sartzeko intentzioarekin. Azkenean 19. postuan sartu nintzen helmugan, 14 ordu eta 47minutu behar izan nituelarik ibilbidea osatzeko.
 
 
Beste mendi lasterketa batzuekin alderatuta, egindako denborak eta egindako postuak bigarren plano batean geratzen direla uste dut, lasterketako ibilbidea bukatzeko ahaleginak eta ibilbideak berak hasetzen zaituelako, nahiko eta sobera. Horrelako ibilbide luze eta eder  bat egin eta gero, bertan bizitakoak eta ikusitakoak hasetzen nau guztiz.
 
Gora eta bera proba honetan sufritutakoarekin alderatuta, pila bat gozatu dudan sentsazio ona geratu zait, umeen moduan pasa nuenaren sentsazioa.
 
Lasterketa bat baino gehiago dela iruditzen zait Travesera, ohiko lasterketetatik kanpo geratzen den goi mendiko bidai gogor gogor bat. Bidai gogor gogor bat bezalaxe, bakoitzak bizitako sentimenduez jositako bidai eder bat da Travesera.

Travesera nolakoa den azaltzen duen bi parte hartzailek osatutako bideoa:
http://www.rtpa.es/video:Asturias%20Extrema_551372467916.html

Traveserako beste bi bideo:
 

 

1 iruzkin: