APUKO EXTREM
(2013-04-20)
Bilbotik pausu
batera, Enkarterriko Zaramillo herritik abiatuta, Apuko Extrem ultra trailaren
bigarren edizioa ospatu zen apirilaren 20an. 83 km eta 6800m gorako
desnibel metatua ditu iraupen luzeko lasterketa honek. Iazko lasterketaren
bezalako luzera badu ere, aurten ibilbidea zeharo aldatu dute Enkarterrietako
zenbait herritatik pasatuz eta ibilbidea desnibelean dezente gogortuz.
Apuko Extrem
ultra trailaren web orrria: http://www.apukoigoera.com/
Urtean zehar
behin baino gehiagotan entzun dugu Apuko edo Zaramillo izena. Izan ere,
lasterketa eta ekimen desberdinak antolatu dituzte Apuko Extrem ultra trailaz
gain. Otsailean, 22 km-ko Apuko Igoera lasterketa ospatu zen korrika zein
bizikletaz egin daitekeena eta martxo bukaeran, Apuko Extrem-eko ibilbidea
ikuskatzeko bi irteera eta hitzaldiak antolatu zituzten Nuria Picas eta Miguel
Heras mendiko korrikalariekin batera.
Goraipatzekoa benetan
urtean zehar Oscar, Martín eta gainontzeko antolakuntzako kideek kirolaren
bitartez lortu dutena. Horrelako herri txiki baten izena lau haizetara zabaldu
eta Enkarterri sustatzeaz gain, Bilbotik hain gertu askorentzat ezezagunak
zaizkigun mendi eta txoko ederrak ezagutarazteko lan handia egin dute. Nik
behintzat Zaramillo ez nekien non osti zegoen ere eta jadanik 3 alditan izan
naiz aurten.
Iritzi da
lasterketa eguna, goizeko 3:30-etan esnatu, gosaldu, dutxatu, trastoak kotxean
sartu, Zaramillorainoko bideari ekin, 5-ak aldera Zaramillon aparkatu, dortsalaren
bila joan, konpainia onean kafea hartu, Rocakari bisita egin, azken uneko azken
prestakuntzak motxila egin eta deseginez hainbat alditan , antolatzaileen
azken notiziak entzun eta irteera puntura gerturatu nintzen beste 240
korrikalarirekin batera.

Eguna egin orduko
goizeko 6etan abiatu ginen Zaramillotik, herria zeharkatu, errepidetik 300 bat
metro egin eta gorantza erreparo barik jotzen zuen pista bat hartu genuen. Pixkanaka
lehen postuetara hurbildu nintzen eta hala nola
lehenengo zioanari jarraitzen nindoala konturatu nintzen. Egia esan
aurretik ez zegoen beste argirik, bere frontala ez zebilen eta. Halako baten
argiztatzeko eskatzen dit eta orduan konturatu nintzen Pedro Urbieta iazko
irabazlea zela. Zati batean joan nintzen bai, Citadellesen galdu nuen frontalaren
ondorioz erosi eta estreinatu berri nuen frontal berriarekin argiztatzen.
Esfortzuak esfortzu, laster ohartu nintzen motxilan beste frontal bat sartu
nuela eta hauxe utzi nion. Lehen tontorra, Gongeda, pare parean genuela hainbat
korrikalari gindoazen ilada luzea osatuz. Ondoren malda handiko jaitsiera
arriskutsu bati egin genion aurre garoak bustita zegoen eta.
Behin lehen hornidura
gunera iritzita, isostar piskat hartu
ostean Ganekogortako malda gogorrari ekin genion artez artez, Gaizka Barainano
lasterketako buru zela. Lehenengo zati honetan gustora nindoan, lar arin gauza
onerako. 4. tontorretik pasata Behin berantza eman
beharreko lehen pausuetan zeozer arraroa igarri nuen orkatilan eta ibuprofeno
bat hartu eta lasaiago joan nintzen zati batean pausua berreskuratu artean.

Ganekogortaren
ondoren Galarraga mendia igoz berriro ibilbideko ia puntu berberera iritzi
ginen. Hemendik Aguilatoseko gainera gorantza jotzen zuen pista batean korrika
nindoala azkenean 4. bukatu zuenak aurreratu zidan. Antza motxila eta neraman guztia
ikusita astunegia zela iruditu zitzaion eta ia Tor de Geantserako preparatzen nenbilen
galdetu zidan, harriduraz etxea beti gainean eramaten dudala erantzun nion.
Egia esan “badaezpada, badaezpada” azkenean motxila goraino betetzen dut nahiz
eta gero ia ezer ez erabili. Aurreratu ninduenean ordea, konturatu nintzen bera
boteilin bat zeukan gerriko batekin zihoala soilik. Mendiko lasterketetan
denetik ikusten da eta puntu honetan mutur biek topo egin zutelakoan nago, edo
dena hala ezer ez.
Aguiltosetik berantza
aldapa bera bortitza dago pista batzuetatik, hankak zeharo ahultzen dituen
horietakoa. Behin bailarako behekaldera jaitsita La Quadran kokatuta zegoen
bigarren hornidura gunera iristeko 2
km inguruan lisuan korrika egiteko zati ederra zegoen
hankak pixka bat gehiago matxakatzeko.

La Quadratik mendian gora itzuli bat
eginda bertako hilerritik gora Eretzako igoera kronometratua hasten zen. Egingo
nuen denbora ahaztuta, behetik hasita erritmo konstante batean egin nahi nuen
igoera, lasai baina lokartu gabe. Baina lehenengo pistetako aldapetan erritmoa
zeharo jaitsi behar izan nuen ez nindoan eta ondo gorputzez ezta hanketatik ere.
Gero eta okerrago nindoan, zuri zuri jarri nintzela uste dut pajaroia tarteko
eta gelditu beharra neukan. Egoerari aurre egiteko itzelezko merendola egin
nuen gorantza pausu txikiak ematen nituen bitartean, hiru barrita bata
bestearen atzetik. Erritmo berdinean jarraitu ezkero bazterren batean botata
aurkituko nindutelakoan nago. Horrelako egoeran egonda eta helmuga hain urrun
ikusita zeharo enbajonatuta aurkitzen nintzen. Hala nola, barritek laster egin
zuten efektua eta indar pixka bat errekuperatzeaz bat erritmo lasaian hobeto
nindoan buruari buelta emanez. Gorantza Albizurik aurreratu zidan korrika
txikian pistako azken zati gogorrenetakoan, hau benetan fin zioan.
Oraindik txarrena
etortzeko zegoen Eretzako kortafuegosak, 3 pala gogor bata bestearen atzean.
Pixkanaka pixkanaka tontorrera iritzi nintzen Jose Vicente Benitorekin batera.
Honek “estas hecho un gallo” esan zidan baina ordurako gangarra jaitsita
neukan.
Behin tontorra zapalduta
Soduperako jaitsierari ekin nion aurrekoari jarraitu gabe, nire hankek eskatzen
zuten erritmo apalagoan.
Sodupeko
hornidura gunetik pasata Luxar mendia igo beharra zegoen Güeñes herrian kokatua
zegoen hornidura gune garrantzitsura iristeko. Tarte honetan igartzen nioan
desgastea, pilak piskanaka agortzen joango balira bezala. Luxarko jaitsieran
gainera hankak dardarka neuzkan eta inongo indarrik gabe pausua ganoraz emateko.
Tripak jada lorrinduta neuzkan eta jatekoa ez zitzaidan errez sartzen. Behin
hornidura gunean antolakuntzari emandako poltsa jaso eta taper batean neuzkan
hiru arroz-esneak jan nituen, aldean
neramatzan platanoez gain beste edozer jaten nahiko komeri neukan eta.

Güeñesko
hornidura gunetik irtenda Ubietamendi
mendia igo beharra zegoen. Lehenengo aldapetan arroz esnea ahora igotzen
zitzaidan eta tripak zarata hotzean jarri zitzaizkidan labadora bat izango
balitz bezala. Gorputzean sentsazio eskasekin pixkanaka gorantza nioan walking
deadekoak bezala, bidegurutzeren bat saltatuz nahiz eta aurrean X nabarmen bat
egon seinale bezala. Berriro bidegurutzera itzuli eta Sergio Aramendiak aurrea
hartu zidan nire aldean askoz finago zioan eta. Behin Ubietamendi tontorrera
iritzita Galdamestik jaurtitako lehen txapligoa entzun nuen lehena bertatik
pasatzen zebilen seinale. Ubietamenditik pistarik pista jaitsiera egin ostean
errepidetik zati polit bat egin beharra zegoen gorantza jotzen zuena.

Erdi korrika zeozer
esatearren Galdamesera nahiko ikututa iritzi nintzen. Puntu honetan atzetik
zetozen Unai Bengoa eta Atharratzerekin egin nuen bat. Haiekin joaten saiatu
nintzen baina ezin nuenez luzaroan erritmo horretan joan, lasaiago joatea
erabaki nuen berriro bazterren baten botata aurkitu nahi ez baninduten
behintzat. Horrela hemendik helmugarainoko bidea nahiko erritmo lasaian egin
nuen gorputzean neuzkan indar apurrak dosifikatuz. Aurretik Gazteran eta Apuko
mendiak nituen, baina min gehien egia esatearren, perfilean berantza dela jarri
arren , bat batean agertzen zaizkizun aldapa eta erdi gorantza jotzen zuten
bide luzeek egin zidaten. Esaterako Apukotik helmugara dena berantza zelakoan
oso luze egin zitzaidan. Aldapan bera hankei eusten nahiko komeri izan nituen
pausua ganoraz emateko eta Zaramillora orduko ia desnibel gabeko bideetako
aldapetan korrika egitea ezinezkoa zitzaidan.

Azkenean helmugako
arkua pasa nuen, Zaramilloraino nekarren aurpegi eskasarekin alderatuz
itzelezko irribarre batekin ahoan. Pozik, aspaldi, sekula ez esatearren, pilo
bat sufrituta bukatu ahal izan nuelako. Nahiz eta hobeto egin nezakeela uste,
burututako denborarekin gustora, 13 orduren bueltan ibiliko nintzela uste nuen
eta azkenean 11 ordu eta 28 minutu behar izan nituen eta ibilbidea osatzeko,
15. postuan. Gainera zer ikasi eman dit lasterketa honek, gorputzaren limiteak
ezagutu, buruari nola buelta eman, lasaiago irten beharko nintzela nahiz eta
gero sekula kasurik ez egin, motxilan trastoak sartzeko tetrisak egiten ez
dagoela zertan burua nekatu behar, kriston tripadak ezin ditudala egin…